Aktinidoei kosk #KZJaia n

AHOSKERA HOBETU NAHI?

Demagun atzerrian gaudela. Hitzik esan gabe askotan nongoak garen asmatzen dute. Ezaugarri fisikoek salatzen gaituzte? Baliteke, baina askotan “Hello” esatea nahikoa izaten da nongoak garen asma dezaten. Nola ahoskatu dugu agur hori?

Eguneroko jardunean gogokoen ditudan gauzen artean, ingelesaren ahoskera irakastea izaten da. Fonetika eta fonologia gogoko ditut, #daitort. Estrategia desberdinak bilatu behar ditugu ikasleek hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eta komunikazio-gaitasuna garatu eta lor dezaten. Dena den, ahoskera txukuna lortzeko ahalegina egiten dugu, baina askotan huts egiten dugu. Bestetan, ikasleek lotsa gainditzea lortzen dute, eta ondo ahoskatzen dute DBHn ere bai.

Hizkuntzak ikasterakoan maila ertaina lortu ondoren, zailtasunak izaten ditugu aurrera egiteko eta badirudi muga garaiezin bat agertzen dela. Ingelesa urtetan ikasten ibili arren, maila aurreratura pasatzea izaten da zailena. Gramatika, sintaxia edo lexikoa ikasten dugu eta zuzentasuna hobetzen goaz, baina oso garrantzitsua da ekoizten duguna ondo ahoskatzea eta hautematen duguna ulertzea. Fonetika eta fonologia (hotsak eta fonemen funtzioa aztertzen duen zientzia) komunikazioan aurreratzeko lagunduko digun jakintza da. 1

Fonetika eta fonologia landuz, ahoskera hobetuko dugu. Hizkuntzaren hotsak aztertuko ditugu, ekoizpena eta hautemana. Hiztunok eta entzuleok egunero elkar ulertzeko ahalegina egiten dugu. Hots uhinak airean barreiatzen dira eta norberaren ezagutzaren arabera interpretatuko ditugu hotsak. Hau da, hotsak ezagunak badira, elkar ulertuko dugu, baina ekoizten ditugun hotsak zentzurik ez badute, ezinezkoa izango da elkar ulertzea. Hotsak artikulatzerakoan giharrak erabiliko ditugu, sortzen ditugun hotsek ezaugarri fisikoak izango dituzte, eta akustikaren bidez hautemango ditugu.

Ingelesaren bokalak, kontsonanteak eta diptongoak. Hotsak nola ahoskatu behar ditugun /barra etzanen/ artean aurkituko ditugu hiztegietan.

phonemic chart

Lantanidoa lortzeko bidean, bideo hau grabatu genuen, baina azterketak, bidaiak eta abarrak direla eta, ekoizpena atzeratu behar izan dugu aktinidoetara heldu arte. Ikasleak bakarrik utziz, eta bost minututan prestatuz, ahoskera nola hobetu azalduko dizuete. Hartu orri bat, ahoaren parean jarri eta /p/ praktikatzen hasi ‘paper’ esanez. Fonema hau gauzatzerakoan, lehenengo alofonoarekin papera gehiago mugituko da bigarrenarekin baino. Leherkari ezpainbikaria denez, aire-etorriak traba edo hersketa aurkituko du bi ezpainak elkartzen direnean.

/ˈpeɪpə(r)/ Hitz honek lehenengo silaban du indarra, horregatik lehenengo ‘p’ hotsa gauzatzerakoan [ pʰ] hasperentzea gertatzen da. Bigarrenean, ordea, ez dugu hasperenik.

4. DBHko ikasleak

Good-bye!

Nola ahoskatu duzu/ˌɡʊdˈbaɪ/? Ez duzu /gʊθ’bai/ esan, ezta?

/θ/ gaztelaniaz ‘zapato’ esateko erabiltzen dugun hotsa da.

Hemen ahoskera praktikatzeko app-a.

Ahoa aztertu, bilatu artikulatzeko behar diren organoak non ahoskatzen dugun (ezpainak, hortzak, ahosabaia,…) eta nola (leherketa, sudurretik) ezagutzeko, ahoskunea eta ahosmoldea, alegia. Hurrengoan, baliteke API azaltzea, Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa.

1 Fonetika eta fonologia bi iker eremu desberdintzat hartzen badira ere, bien arteko banaketa egitea ez da erraza. Trubetzkoy-k, adibidez, erabateko banaketa defendatzen du Grundzüge der Phonologie liburan.

sarrera

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

2 thoughts on “Aktinidoei kosk #KZJaia n

  1. Pingback: #KZJaia: 5. Laburpena | #KZJaia | Zientzia Kaiera

  2. Pingback: ELOSaniturri | #KZJaia Laburpenak eta gure ontzak. Kosk!

Leave a comment